EBren Elikagai eta Pentsuetarako Alerta Azkarren Sistemak (RASFF) histaminak eraginda egindako jakinarazpen kopuruak gora egin duenez,  baita atun fresko desizoztuen bizkarrei buruzko iruzur-sarearen espedienteak ere, operadore nazionalak inplikatuta daudela, Europako Batzordeari gonbita egin zitzaion bisita bat eta ondoren bilera bat egin zezan.

Bilera horren ostean, adierazi zen -18 ºC-tik gorako tenperaturan gatzunetan izoztutako hainbat atun-lote nahita bideratzen zirela fresko gisa saltzeko, kontserbak ekoizteko erabili beharrean, eta horixe da, hain zuzen ere,  baimendutako erabilera bakarra. Gainera, egiaztatu zen atun-bizkarretan kolorea aldatu egiten zela nahita, gehigarri-dosi altuak erabilita, batik bat antioxidatzaileak. Espainiak konpromisoa hartu zuen legez kanpoko praktika horiek berehala geldiarazteko neurriak hartzeko.

 

Bisitaren ostean, DG SANTEk (Europako Batzordearen Osasunerako eta Elikagai Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiak) auditoretza bat egin zuen eta, bertan, hainbat gomendio egin ziren, besteak beste, agintari eskudunek bermatu beharko luketela arrantzaproduktuekin (bereziki, atunaren arrantzako produktuak) jarduten duten establezimendu guztiek kontrolak egiten dituztela EBko arauak betetzen dituztela egiaztatzeko.

 

Gomendio horri erantzuteko, Espainiako agintari eskudunek Ekintza Plan bat garatu dute, zeinetan, besteak beste, planteatzen  den agintari eskudunentzako orientazio-irizpideen gida egitea AESANek, MAPAk, ontzi izoztaileak inskribatuta dituzten edo atun izoztua eta desizoztua fabrikatzen duten establezimenduak dituzten autonomia-erkidegoek eta Zuzendariordetza Nagusiak osatutako lantalde batek.

 

Duela gutxi argitaratu da lantalde horren lanaren emaitza: giza kontsumoaren edozein erabileretarako erabil daitekeen atun izoztuaren ekoizpen-katearen kontrol ofizialerako gida. Gida horren helburua da agintari eskudunentzako orientazio-irizpideak garatzea, laguntza izan dezaten giza kontsumoaren edozein erabileratarako erabil daitekeen atun izoztuaren ekoizpen-katearen kontrol ofizialeko eginkizuna betetzean.

 

Horretarako, gidan hainbat prozedura eta protokolo zehazten eta deskribatzen dira:

 

  • Kontrol ofizialak egiteko plangintza
  • Histamina kontrolatzeko prozedura
  • Kontrolak ontzi izoztailean
  • Kontrolak sarrera-mugako kontrol-postuan (BCP)
  • Kontrolak establezimendu hartzailean
  • Kontrolak arrantza-produktuen handizkako merkatuetan
  • Kontrolak txikizkako merkataritza-establezimenduetan