Batzordearen 2021/1709 (EB) Betearazpen Erregelamendua argitaratu da, 2021eko irailaren 23koa, 2019/627 (EB) Betearazpen Erregelamendua aldatzen duena, animalia-jatorriko produktuetan kontrol ofizialak egiteko xedapen praktiko uniformeei dagokienez.

PSPa hautemateko biosaiakuntzak etetea

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/63/EB Zuzentarauaren 4. artikuluan eskatzen zaie Europar Batasuneko estatuei, posible denean, animalia biziak ez darabiltzaten metodoak erabiltzeko. Erregelamendu berri horrek eten egin ditu arratoietan moluskuen intoxikazio paralizatzailea (PSP, ingelesez: Paralytic Shellfish Poisoning) hautemateko biosaiakuntzak. Orain arte metodo alternatibo gisa zegoen baimenduta EN 14526 arauan, baina arestian aipatutako zuzentarauan ezarritakoarekin bat, debekatu egin da, animalia biziak baliatzen ez dituzten metodo baliozkotuak erabiltzeko betebeharra baitago.

 

Horregatik, erabiltzen diren metodoek honako konposatu hauek zehaztu beharko dituzte, gutxienez:

a) STX eta NeoSTX karbamato toxinak, 1 eta 4 gonyautoxinak (GTX1 eta GTX4 isomeroak, batera zehaztuta) eta 2 eta 3 gonyautoxinak (GETX2 eta GETX3 isomeroak, batera zehaztuta).

b) LN-sulfo-carbamoyl (B1), gonyautoxina-6 (B2), 1 eta 2 N-sulfocarbamoyl-gonyautoxinak (C1 eta C2 isomeroak, batera zehaztuta) eta 3 eta 4 N-sulfocarbamoyl-gonyautoxinak (C3 eta C4 isomeroak, batera zehaztuta).

c) Decarbamoyl dcSTX, dcNeoSTX, eta 2 eta 3 decarbamoylgoniautoxinak (isomeroak batera zehaztuta).

 

Halaber, erregelamendu berriak toxina horien analogoen analisiak jasotzeko betebeharra ezartzen du, baldin eta hauteman egiten badira eta toxikotasunaren ekibalentzia-faktorea (TEF) badute.

PTXen gaineko osasun-arauak erretiratzea

Pektenotoxinen (PTX) taldeko biotoxinei dagokienez, itsaskiek dituzten biotoxinen analisian (EFSA, 2009), EFSAk ondorioztatu zuen ez zegoela biotoxina horiek gizakiengan eragindako kontrako efektuei buruzko txostenik. Horregatik, Batzordearen 2021/1374 (EB) Erregelamendu Eskuordetuak erretiratu egin zituen molusku bibalbioei aplikagarriak zaizkien PTXei buruzko osasun-neurriak.

 

Gauzak horrela, xedapen hori 2019/627 (EB) Betearazpen Erregelamendu berritik ere erretiratu da, Batzordearen 2021eko irailaren 23ko 2021/1709 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bidez.

Arrantza-produktuetako kutsatzaileak kontrolatzea

Bestalde, betearazpen-erregelamendu berriak ezarritakoari jarraikiz, arrantza-produktu basatiak harrapatzen badira, zaintza-modalitateak ezarri behar dira EBren kutsatzaileei buruzko legeria betetzen dela kontrolatzeko. Hori guztia zenbait kutsatzailek elikadura-produktuetan izan dezaketen gehieneko edukia ezartzen duen 1881/2006 (EE) Erregelamenduan ezarritakoa betetze aldera. Dena den, betekizun hori bazegoen jasota aurretik ere akuikultura-produktuetarako Europako araudian.

Betearazpen Erregelamendu berriak jasotzen dituen xedapen berri horiek guztiak indarrean jarriko dira Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunera, hau da, 2021eko urriaren 14an.