Orain gutxi egin dute Bruselan “Arrainen osasunaren eta ongizatearen zaintza: Akuikulturaren arrakastarako faktore kritikoa” izeneko jardunaldia, Europako Albaitarien Federazioak antolatutakoa. Helburua izan da akuikulturako arrainen osasun- eta ongizate-arloko arazoak identifikatzea, eta gai horietan albaitari profesionalaren zeregina aztertzea.

Honako hauek dira jardunaldiko ondorio nagusiak:

  • Europar Batasunak ez du aski bere buruarekin arrantza-produktuei dagokienez; beraz, akuikulturako ekoizpenaren gorakada erronka handia da espezie berriak modu iraunkorrean eta bideragarrian ustiatzeari zein Elikagaien Segurtasunari dagokienez.
  • Beharrezkoa da ustiategietan osasun-kudeaketa egokia gauzatzea ekoizpen-fase guztietan, eta horretan zeregin garrantzitsua dute zaintza epidemiologikoak eta txertaketa-programek.
  • Animalien mugimenduak arriskuan oinarritutako kontrola behar du, batik bat, aintzat hartuta beste herrialde batzuetako inportazioak. Horrela, ekidin egingo da bertako ur-espezien osasuna arriskuan jar dezaketen agente patogeno berriak sartzea.
  • Beraz, beharrezkoa da akuikulturako industriak eta albaitaritzak estuki lan egitea. Horretarako, funtsezkoa izango da albaitariek prestakuntza egokia eta trebetasun nahiko izatea, aintzat hartuta hazten diren arrain-espezien kopurua handia dela.

Legediari dagokionez, deia egin zaio Europako Batzordeari, Animalien Ongizaterako Estrategiaren baitan enfasi handiagoa jar dezan arrainen ongizateari buruzko araudietan, bai eta ur-organismoak manipulatzean, garraiatzean eta hiltzean horien behar zehatzak aztertzeko lanetan ere.

Azkenik, jardunaldian atzeman da beharrezkoa dela ikerketa sustatzea, hazten diren arrainen espezie-kopuru handiari zein akuikulturako beste aldaera batzuk garatzearen inguruan. Halaber, ikusi da ikerketa bultzatu behar dela arrainen txertoen eta parasitoen aurkako sendagaien inguruan.

Aurkezpenak