FAOk itsasoko arrainen populazioen munduko ebaluazioa argitaratu du, mundu-mailako itsasoko arrantzaren egoeraren ikuspegia ematen duena. Txosten horretan jasangarritasun-arazoak berresten
dira, eta, era berean, nabarmentzen da arrantza-baliabideak kontserbatu ahal izateko tresnarik boteretsuena antolamendu eraginkorra dela.


Txostenak FAOren itsasoko arrantza-eremu guztietako joerak aztertu ditu, eta 2.570 arrain-populazioen jasangarritasun biologikoari buruzko informazioa bildu du. Modu parte-hartzailean eta inklusiboan egin da, eta 200 erakunde eta 90 herrialde baino gehiagotako 650 aditu baino gehiagoren ekarpenak bildu dira.

Jasangarritasun biologikoa

Txostenean egiaztatu da arrain-populazio guztien % 64,5 jasangarritasun biologikoaren mugen baitan ustiatzen dela, eta % 35,5 gainustiatu egiten direla. Ekoizpen-mailaren arabera haztatzen direnean, munduko lehorreratzeen % 77,2 biologikoki jasangarriak diren arrain-populazioetatik dator.

Arrantza-antolamendu eraginkor baten mende dauden itsas-arrantzako eremuetan, jasangarritasun-adierazleek mundu-mailako batezbestekoa gainditzen dute. Adibidez, ipar-ekialdeko Pazifikoan (67. eremua) eta hego-mendebaldeko Pazifikoan (81. eremua), banakako populazio guztien jasangarritasun-tasak % 92,7ra eta % 85era iristen dira, hurrenez hurren, zorrotz ezarritako kudeaketa-esparruei esker.

Bestalde, Antartikoan (48., 58. eta 88. eremuak), ebaluatutako populazioen % 100a modu jasangarrian harrapatzen da. Arrantzaleku horien bolumena murriztu bada ere, jasangarritasun-ehuneko horrek argi uzten du lor daitekeela ekosistemetan eta nazioarteko lankidetzan oinarritutako antolamendua izatea.

Mediterraneoaren eta Itsas Beltzaren eremuan (37. eremua) berreskurapenaren lehenengo zantzuak ikus daitezke. Populazioen % 35,1 baino ez da harrapatzen modu jasangarrian, eta, hala ere, arrantza-presioa % 30 murriztu da, eta biomasa % 15 handitu da 2013tik.

Hala ere, eremu batzuetan oraindik presio handia dago. Hego-ekialdeko Pazifikoan (87. eremua), populazioen % 46 baino ez da ustiatzen modu jasangarrian, eta, erdialde-ekialdeko Atlantikoan (34. eremua), zifra hori % 47,4koa da.


Lehorreratzeak, espezieka

Lehorreratze gehien dituzten 10 itsaso-espezietatik, ebaluatutako populazioen % 60 modu jasangarrian ustiatzen da. Ekoizpen-bolumenaren arabera haztatzen direnean, zenbatetsi da munduko lehorreratzeen % 85,8 biologikoki jasangarriak diren arrain-populazioetatik datorrela.

Atuna eta antzeko espezieak dira azpimarragarrienak, ebaluatutako populazioen % 87 modu jasangarrian ustiatzen baita, eta lehorreratzeen % 99a iturri jasangarrietakoa da.

Bestalde, ur sakonetako espezieek zaurgarriak izaten jarraitzen dute, populazio horien % 29 baino ez baita modu jasangarrian harrapatzen. Era berean, txostenak adierazten du kezka handia dagoela migrazio handiko marrazoen inguruan, maiz nahi gabe harrapatzen baitira atuna arrantzatzean.


Ondorioak eta gomendioak

Txostenak nabarmendu du, mundu osoko itsasoko populazioen ia bi heren jasangarritasun biologikoaren mugen baitan ustiatzen badira ere, azken urteetan gehiegizko arrantzaren urteko batezbestekoa % 1 inguru igo dela. Gainera, antolamendu oneko eta errendimendu txikiko eremuen arteko aldeak oso handia izaten jarraitzen du.

FAOk, uretako elikadura-sistemak eraginkorragoak, inklusiboagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izateko eraldaketaren estrategiaren baitan, “eraldaketa urdina” izenekoan, herrialdeei eskatu dio datuak bildu eta kudeatzeko sistemetan inbertitu dezatela eta oinarri zientifikoko ikuspegiak har ditzatela, eta gaitasun-gabeziak konpon ditzatela eta jasangarritasun-helburuak harmonizatu daitezela, arrantzak aurreikusitako ibilbideari jarrai diezaion.