Elikagaien Segurtasunerako Suediako Agentziak Baltikoko arraina kontsumitzearen arriskua/onura ebaluatu du, aztertze aldera Dioxinen eta dioxinekin pareka daitezkeen PCBen kutsaduraren ondorioak osasun publikorako.

Ebaluazioak arrisku handiena duten identifikatutako bi taldeak ditu jomugan: haurrak eta emakume ugalkorrak, kutsatzaile horien aurrean talde horiek baitira minberenak. Nolanahi ere den, azterlanean ebaluatu egin da, orobat, arrainaren kontsumoak dakartzan onurak, kate luzeko koipe-azidoak eta D bitamina ematen baititu.

Bi arrain espezie aztertu dira, sardinzarra eta izokina; nagusiki, bietan lehenengoa aztertu da, salmonido basatien kontsumoa oso txikia baita Suedian. Aitzitik, esan daiteke Suediako herritarren sektore batek sardinzar asko kontsumitzen duela.

2007an egindako osasun-inkesta nazionaleko datuen arabera, emakume ugalkorren (18 eta 45 urte bitartean) % 6k sardinzarra kontsumitzen du hilean birritan edo gehiagotan. Beraz, guztira 100.000 emakume inguruk gaindi dezake, hain zuzen ere, dioxinen eta dioxinekin pareka daitezkeen PCBen asteko ingesta toleragarria (AIT). Haurrei dagokienez, adingabeen % 5,4k kontsumitzen du sardinzarra hilean behin edo gehiagotan; hots, Suediako 45.000 haur inguru ari daiteke dioxinen eta dioxinekin pareka daitezkeen PCBen AITa gainditzen.

Txosten horretan zenbait kontsumo-egoera kalkulatu dira, eta horiek iradokitzen dute Suediako salbuespenak bere horretan jarraituz gero, Baltikoko sardinzar eta izokin asko egon daitekeela merkatuan dioxinen eta dioxinekin pareka daitezkeen PCBen kontzentrazio handiekin. Horrek dakar milaka haurrek eta emakume ugalkorrek kutsatzaile horien aurreko esposizioa bizitzea, AITa gaindituta. Bestalde, salbuespena amaitzen bada, beste arrain batzuek ordezkatuko dituzte arrain horiek; beraz, neurriak ez du eraginik izango arrainetik eratorritako nutrienteen ingestak dakarren onuran.

Ebaluazioa: arriskuak/onurak