Arriskuak Ebaluatzeko Alemaniako Institutu Federalak (BfR) eskari bat egin zion EFSAren Elikakateko Kutsatzaileen Adituen Panelari, elikagaietako mikroplastiko eta nanoplastikoen presentziari buruzko balorazio bat egin zezan, bereziki arrainei eta itsaskiei erreparatuta.

Mikroplastiko primarioak neurri jakin batekin fabrikaturiko plastikoak dira, eta mikroplastiko sekundarioak, berriz, zatiketaren bidez sortutakoak. Nanoplastikoak, bestalde, ingeniaritzako materiala erabilita sor daitezke, edo hondakin mikroplastikoen zatiketan.

Mikroplastikoek 0,1 eta 5.000 mikra arteko neurria izan ohi dute, eta nanoplastikoek, berriz, gutxi gorabehera 1 eta 100 nm bitartekoa (0,001 eta 0,1 mikra artean).

Adituen panelak honako ondorio hauek atera ditu:

  • Ez dago mikroplastiko eta nanoplastikoak elikagaietako kutsatzaile gisa jasotzen dituen legeriarik.
  • Elikagaietan (itsaskiak barne) mikroplastikoak identifikatzeko eta kuantifikatzeko zenbait metodo daude. Bestalde, elikagaietako presentziari buruzko datuak mugatuak dira.
  • Mikroplastikoekin ez bezala, gaur egun ez dago ez metodorik ez daturik elikagaietako nanoplastikoen presentziari dagokionez.
  • Mikroplastikoek, batez beste, % 4 izan dezakete gehigarrietan, eta, gainera, plastikoek kutsatzaileak xurga ditzakete.
  • Hala gehigarriak nola kutsatzaileak organikoak zein inorganikoak izan daitezke.
  • Zenbatespen kontserbadorearen arabera, arrain eta itsaskietako mikroplastikoen presentziak eragin txikia izango luke pertsonek gehigarrien edo kutsatzaileen aurrean duten esposizio osoaren gainean.
  • Mikroplastiko eta nanoplastikoen toxikotasunari eta toxikozinetikari buruzko informazio eta datu gehiago behar dira giza arriskuaren ebaluazioa egin ahal izateko.

EFSAren iritzia: mikroplastikoak eta nanoplastikoak