Europako Batzordeak arrantzako eta akuikulturako produktuen arloan europarrek dituzten kontsumo-ohiturak, iritziak eta jarrerak jasotzen dituen Eurobarometroaren emaitzak argitaratu ditu. Emaitza horiek lortzeko, Europan bizi diren 27.734 pertsonari elkarrizketak egin zizkioten 2019ko ekainaren 23tik uztailaren 6ra bitartean; pertsona horietatik 1.035 Espainiako biztanleak ziren.

Kontsumoaren maiztasuna

Europako herritarren % 70ek gutxienez hilean behin kontsumitzen du arraina etxean; herritarren % 41ek gutxienez astean behin jaten dute arraina. Ehuneko horiek asko aldatzen dira herrialde batetik bestera, eta altuagoak dira kostaldea duten herrialdeetan. Arraina maizen kontsumitzen duen herrialdea Espainia da; bertan, herritarren % 74k gutxienez astean behin kontsumitzen du arraina, eta herritarren % 92k gutxienez hilean behin.

Erosteko ohiturak

Arrantzako eta akuikulturako produktuak erosteko tokietan ere alde handia dago herrialde batetik bestera; oro har, Europan, ohikoagoa da produktu horiek supermerkatuetan eta hipermerkatuetan erostea (% 77), eta ez hainbeste arraindegietan (% 42). Espainian, ordea, herritarren % 63k arraindegietan erosten du, eta supermerkatuetan eta hipermerkatuetan egindako erosketak % 68 dira, Europako batezbestekoa baino zertxobait txikiagoa.

Erosten den produktuaren arabera, aldeak are handiagoak dira. Espainian, % 73 produktu freskoak dira, bizirik daudenak barne. Ehuneko hori % 37 da Europan, batez beste. Atzetik doaz latako produktuen erosketa (% 40 Espainian eta % 21, batez beste, Europan) eta izoztutako produktuen erosketa (% 34 Espainian eta % 25, batez beste, Europan).

Erositako produktu motei dagokienez, ohiturak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera. Hala, Espainian ohikoagoa da produktu osoak erostea (% 31), bai eta unean bertan garbitutakoak (% 49) ere; ez da hain ohikoa jada zatikatuak erostea (% 33). Europan, ordea, % 50ek nahiago dituzte zatikatutako produktuak, osoen (% 27) eta unean bertan garbitutakoen (% 40) gainetik.

Erosketa- eta kontsumo-faktoreak

Arrantzako eta akuikulturako erosketei eragiten dieten faktore nagusiak antzekoak dira Europako herrialdeetan. Oro har, hauek aipatzen dira, garrantzirik handiena duenetik hasita:

  • produktuaren itxura
  • produktuaren kostua
  • produktuaren jatorria
  • erraz eta azkar prestatzea
  • kalitatearen adierazleak edo markak
  • ingurumenean, gizartean edo etikan duen eragina

Prezioa faktore garrantzitsua da, eta herritarrak arrantzako eta akuikulturako produktu gehiago erostetik urruntzen ditu; alabaina, produktu-eskaintza eta aniztasun handiagoa egonez gero, era horretako produktu gehiago erosi eta kontsumituko lituzkete europarrek.

Bestalde, Espainiako herritarrek nahiago dituzte eskualdeko edota herrialdeko produktuak (% 82); Europan, berriz, % 65ek bakarrik egiten dute bertako produktuen alde.

Produktu berriekiko jarrera

Inkestari erantzun dioten pertsona gehienen esanetan (% 61), erakargarria da arrantzako eta akuikulturako produktu berriak probatzea; etxean nahiz jatetxeetan probatzeko prest daude, baita saltokietako sustapen-ekimenetan ere.

Emandako informazioa

Arrantzako eta akuikulturako produktuei buruzko informazio-iturri nagusiei dagokienez, inkestari erantzun zioten pertsonek hauek aipatu zituzten, garrantzitsuenetatik hasita:

  • saltokiko edo arraindegiko langileak (% 56 Espainian eta % 44 Europan)
  • telebista, liburuak edo aldizkariak (% 24 Espainian eta % 32 Europan)
  • familia eta lagunak (% 32 Espainian eta % 30 Europan)
  • Internet (% 15 Espainian eta % 25 Europan)
  • Publizitatea eta bestelako merkataritza-informazioa (% 10 Espainian eta % 16 Europan)

Aipatzekoa da herritarren ehuneko txiki batek bakarrik (% 3 Espainian eta % 5 Europan) eskuratzen duela informazio hori erakunde publikoetatik.

Europako herritarren % 75ek uste dute arrantzako eta akuikulturako produktuekin datorren informazioa argia eta ulerterraza dela. Zer informazio eman beharko litzatekeen galdetuta, herritarrek hau erantzun dute, garrantzitsuenetik hasita:

  • iraungitze-data edo kontsumo gomendatuaren data
  • produktuaren izena eta espeziea
  • produktua aurretik izoztu den
  • produktua basatia edo hazia den
  • non harrapatu edo ekoitzi den
  • erabilitako arrantza mota