Arrantza Politika Erkidearen eraberritzeak aurreikusi egin du akuikultura "koordinazio-metodo ireki"-aren bidez garatzea eta sustatzea. Estatu kideei euren ahaleginak koordinatzeko eta jardunbide onenak elkarrekin trukatzeko laguntzeko ikuspegia da. Metodoak hiru zutabe ditu:

  1. Zuzentarau estrategikoak. Estatu kideen eta Europako Batzordearen arteko borondatezko lankidetza-prozesu honetako lehenengo pausua dira.
  2. Urte anitzeko plan nazionalak. Estatu kideek sortu behar dituzte, akuikultura iraunkorra garatzeko.
  3. Jardunbide onenak elkarrekin trukatzea. Izan ere, Estatu kideek aukera izango dute lege-betekizun horiek ezartzeko jardunbide onenak elkarrekin trukatzeko. Horrela, kostuak txikiagoak izango dira akuikultura-ekoizleentzat, eta ez da zalantzan jarriko EBko legeriak bermatzen duen babesa kontsumitzaileentzat zein ingurumenarentzat.

Horrez gain, Europako Itsaso eta Arrantza Funtsa (EIAF) izango da finantza-tresna nagusia, akuikultura iraunkor eta lehiakorra sortzearen alde egiteko; beraz, garrantzitsua da Estatu kide bakoitzak EIAFaren esparruan egingo duen Plan Operatiboa koherentea izatea akuikultura garatzeko urte anitzeko plan nazionalarekin. Plan operatiboaren eta urte anitzeko plan nazionalaren edukia Estatu kide bakoitzak definituko du, aintzat hartuta bere baldintza zehatzak, abiapuntuak eta helburuak.

Batzordeko zerbitzuek orientazio praktikoagoa emango dute akuikulturaren arloan dagoen urari buruzko legeria erkidea ezartzeari buruz. Era berean, 2013aren amaieran Batzordeak komunikazio-kanpaina bat sortuko du, akuikulturaren gune indartsuei buruz, akuikultura kontsumitzaileentzat erakargarriagoa izan dadin. Etiketatzeari buruzko xedapen berriak eta borondatezko egiaztatze-sistemak ere garrantzitsuak izan daitezke testuinguru horretan.

Azkenik, ikerketak eta berrikuntzak funtsezko zeregina dute; izan ere, akuikultura-ekoizpena eraginkorra bihur dezakete, eta lagungarri izan daitezke kontsumitzaileen beharrizanei erantzungo dieten espezie berriak merkaturatzeko. Gainera, ikerketari eta berrikuntzari esker, akuikultura-ekoizpena iraunkorragoa izan daiteke, ingurumenean eta gainerako jarduera ekonomikoetan dituen ondoreak murrizten badira.

Europako estrategia