Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasuna Sailak Agindu bat argitaratu du. Agindu horrek sailkatu egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzean kusku biko moluskuen ekoizpen-eremuak. Aginduak honako espezie hauei eragiten die: ostra, datila, berberetxoa, txirla, muxila eta muskuilua.

Agindu horren bidez, Mundakako Okako estuarioko eremu batean baino ezin da kusku biko moluskurik hartu; zehazki, Arketaseko azpi-eremuan. Euskal itsasertzean leku horretan baino ezin da moluskuak hartu. Leku hori B eremutzat jo denez, moluskuak bizirik merkaturatu aurretik, arazketa-prozesua aplikatu beharko zaie.

Agindu hori argitaratuta, bete egiten da 854/2004 Araudia, itsasertzean moluskuen ekoizpen-eta berrezartze-eremuen kokapena eta mugak, uren kalitateari eta gorotz-kutsaduraren mailari dagokionez, agintari eskudunek zehaztu behar dituztela ebazten duena. Horretarako, eremu horietan aldizkako analisi eta laginketak egiten dira, eta horietako kutsadura-mailaren jarraipena egiten da. Horren ondorioz, eremuak hiru kategoriatan sailkatzen dira:

  • A eremua: bertan bizirik jaso daitezke kusku biko moluskuak gizakiak zuzenen kontsumitzeko.
  • B eremua: bertan bizirik jaso daitezke kusku biko moluskuak giza kontsumorako merkaturatzeko, baldin eta araztegi-zentro batean tratatu edo berrezarri badira eta osasun-baldintza zehatz batzuk betetzen badituzte.
  • C eremua: bertan ezin dira bizirik jaso kusku biko moluskuak. Horiek epe luze batean berrezarri ondoren baino ezin dira merkaturatu, baldin eta osasun-baldintza zehatz batzuk betetzen badituzte.

Euskal itsasertzean, C eremu gisa sailkatutako guneren bat badago ere, berrezartzeko eremurik ez dagoenez, eremu horietan ezin da moluskurik jaso, eta B eremuan baino ez dago baimenduta moluskuak biltzea.

AGINDUA 2014ko irailaren 15ekoa