Klima-aldaketari eta itsas eta arrantza ekosistemei buruzko FAO txostenak
FAOk bi txosten argitaratu ditu klima-aldaketak munduko itsas eta arrantza ekosistemenetan epe luzean eta ertainean izango duen eragina aztertzen laguntzeko. Zalantzarik gabe, lagungarriak izango zaizkie herrialde desberdinei Parisko akordioko helburuak lortzeko estrategiak eguneratzeko. Parisko akordioa nazioarteko akordio loteslea da, eta berotze globala mugatzea du helburu.
Klima-aldaketaren arriskuak itsas eta arrantza ekosistemetan
FAOk argitaratutako lehenengo txostenean 2100. urtera arte herrialde eta lurralde guztietan ustiatu daitezkeen itsas espezieen biomasaren proiekzioak aurkezten dira. Emaitzek modelizazio-ikuspuntuak dituzte oinarri. Ikuspuntuok itsasoko ekosistemen modelizatzaileen mundu mailako sare batek bideratu ditu, arrantza eta itsas ekosistemen ereduen arteko konparazioa helburu duen FishMIP proiektuaren esparruan.
Klima-aldaketa itsasoko arrantza-baliabideetan duen eraginak egun mundu osoko itsas organismoen banaketa eta produktibitatea aldatzen ari da. Arrantza-biomasaren irabaziak eta galerak zenbatesteko ereduen ezagutza eta proiekzioak oinarrizkoak dira klimarekiko erresilientea den arrantza‑kudeaketari buruzko informazioa emateko eta egokitzapena planifikatzeko.
Berriki argitaratu den txosten honek mundu osoko ereduak alderatu eta proiekzio-talde bat egiten du, isuri altu eta baxuen etorkizuneko agertokietan lotutako ziurgabetasunekin batera.
Arrantzaren erantzuna espezie inbaditzaileei klima aldakorrean
Inbasio biologikoak itsasoko eta ur gezako eremuetan ohiko ezaugarri bihurtu dira, bereziki klima aldakorrak eragindako ekonomia globalizatuaren presioak eraginda. Hortaz, mundu mailako arrantza eta akuikultura aldaketa horietara egokitu beharko dira, espezie horiek eragindako ondorio ekologiko negatiboak murrizteko eta ekar ditzaketen abantailak ahalik eta gehien probesteko helburuarekin.
Bigarren txosten honetan, berriz, FAOk klima-aldaketaren esparruan ureko espezie inbaditzaileak kontrolatzeko eta/edo horietara egokitzeko 9 neurri eskaintzen ditu. Neurriak hiru talde hauetan sailka daitezke: ingurune-estrategiak, gizarte-estrategiak eta estrategia sozioekonomikoak.
Hona hemen funtsezko gomendioak eskaintzen dituzten bederatzi neurriak:
- Arrantza-toki komertzial bat garatzea eta kudeatzea
- Kirol-arrantza sustatzea
- Merkatu-aukerak aztertzea
- Hedatze-programak ezartzea
- Interesdunen parte-hartzea sustatzea
- Espazioaren kontrola ezartzea
- Kontrol biologikoa ezartzea
- Ekosistemak lehengoratzea
- Ezer ez egitea
Halaber, bertan neurri horiek gauzatzeko potentziala, erronka nagusiak eta faktore gaitzaileak aztertzen dira. Proposamen horiek abiapuntutzat har daitezke egokitzeko estrategietarako; izan ere, hainbat arrantza-testuingurutako baldintza juridiko, kultural eta sozioekonomikoak aintzat hartzen dituzte.