Kataluniako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak (ACSA) txosten bat argitaratu du arazte-denborak molusku bibalbioetako mikroplastiko-mailetan duen eraginari buruz. Bertan ondorioztatu du ohiko arazketak mikroplastikoen maila % 50 murrizten duela muskuiluetan eta % 26 beste molusku batzuetan, hala nola ostra kizkurretan eta kokinetan..


Plastikozko hondakinek ingurumenean izandako gorakadak, batez ere itsaso eta ozeanoetan, kezka sortu du elikagaien segurtasunaren ikuspegitik; izan ere, mikroplastikoak elikakatean sar daitezke airearen, itsasoko uraren, ur gezaren eta lurpeko uraren bidez, eta, beraz, gizakien elikadurarako produktuetan presente egon daitezke. Gainera, mikoplastikoekiko balizko esposizioa bibalbioen bidez garrantzitsua da, itsasoan dauden mikroplastikoak dituzten organismo iragazleak direlako eta, beste itsas animalia batzuk ez bezala, arrainak kasu, osorik kontsumitzen direlako.

ACSAk argitaratutako txostenak aztertu du arazketa-denborak zer eragin duen mikroplastikoen mailetan molusku bibalbio mota desberdinetan, bai eta mikroplastiko horien tamainaren, morfologiaren eta konposizio polimerikoaren ezaugarriak ere.

Ondorioak

Azterlan horren ondorio nagusia da ohiko arazketak mikroplastikoen maila % 50 murrizten duela muskuiluetan eta % 26 ostra kizkurretan eta kokinetan.

Gainera, mikroplastikoaren morfologia nagusia zuntza da, aztertutako molusku bibalbioetan detektatutako mikroplastiko guztien % 94 eta % 99 artean. Detektatutako mikroplastikoen batez besteko tamaina 950 eta 1.100 μm ingurukoa da, aztertutako bibalbioaren arabera.

Molusku bibalbioetako mikroplastikoen konposizioari dagokionez, bat dator gehien erabiltzen den material plastikoarekin. Zuntzetan, poliesterra eta zelulosa sintetikoa dira konposizio nagusiak, eta, ondoren, poliamida. Partikulei dagokienez (filmak eta zatiak), polimero nagusiak polietilenoa (PE), polietileno tereftalatoa (PET) eta poliuretanoa (PU) dira, baina beste polimero batzuk ere aurkitu dira, hala nola PVCa, polipropilenoa eta poliestirenoa.

Gomendioak

Amaitzeko, txostenak kontsumitzaileei gogorarazten die ezinbestekoa dela molusku bibalbioak erostea baimendutako establezimenduetan eta horiek behar bezala araztu dituzten merkaturatze-kanalen bidez. Horrela, molusku bibalbioek beren ehunean kutsatzaileak (jatorri fekalekoak, planktonekoak edo beste jatorri batzuetakoak izan) metatu ez izana saihestuko da.