EFSAko Animalien Osasunaren eta Ongizatearen Panelak ostren heriotza masiboen areagotzeari buruzko zientzia-iritzi bat argitaratu du. Horretan, OsHV-1 eta Vibrio aestuarianus birusen eta heriotza-tasa horren arteko harremana ikertzen da; halaber, prebentzio-neurrien eraginkortasuna eta gaixotasun horien kontrola aztertzen dira.

2008. urtetik, Pazifikoko ostren (Crassostrea gigas) heriotza masiboaren patroi berri bat aurkitu da Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan. Antzeko agerraldiak izan ziren Australian eta Zeelanda Berrian 2010ean eta 2011n. Egindako azterlanek agerian utzi dute OsHV-1 microvar birusa lotuta dagoela ostren heriotza-tasaren areagotzearekin, uraren tenperatura 16 ° C-koa baino handiagoa denean. Alabaina, ezin izan da kausazko harremanik ezarri Vibrio aestuarianus birusaren eta ostren heriotza-tasaren artean.

Europan, OsHV-1 gabeko eremu gutxi batzuk baino ez daude; hori dela eta, uste da ostrak murrizketarik gabe mugitzeak birus hori zabaltzeko arrisku handia dakarrela. Nolanahi ere, kontuan harturik C. gigas espeziearen populazio basatiek ere birusa zabaltzen dutela, mugimendu-murrizketek, berez, ez dute eragozten OsHV-1 birusa sartzea aldez aurretik infektatu gabeko eremuetan.

Bibalboei eta beste itsas espezie batzuei agente infekziosoak transmititzeko beste bide bat araztegietan tratatu gabeko itsasoko ura deskargatzea da. Horren eraginez, behar-beharrezkoa da instalazioetan eta araztegietan itsasoko uraren efluenteak modu eraginkorrean desinfektatzea, agente infekziosoak transmititzeko arriskua minimizatze aldera. Kloroa, ozonoa, iodoforoak, beroa eta 254 nm-ko irradiazio ultramorea tratamendu eraginkorrak dira hala OsHV-1 nola Vibrio aestuarianus birusak inaktibatzeko.

OsHV-1 microvar birusa transmititzeko arriskua minimizatzeko modurik eraginkorrenetako bat da jatorrian osasun-egoera bermatzea, eta hori OsHV-1 birusik gabeko eremuetako haztegietako haziak eskuratuta baino ezin da lortu. Alde horretatik, kontuan hartu behar da diagnosi-metodoek infekzio latentea atzemateko duten edo eramaile asintomatikoei dieten sentikortasuna; izan ere, hori faktore mugatzailea da gaixotasunen kontrolerako prozedura egokiak garatzeko bidean.

EFSAren irizpena