Arrantzako eta Akuikulturako Produktuen Merkatuaren Europako Behatokiak (EUMOFA) txosten bat argitaratu du, eta bertan ondorioztatzen da oraindik ere potentzial handia dagoela Europako ur gezatako akuikulturaren elikagaien segurtasuna hobetzeko eta haren ekoizpen jasangarriaren hazkuntzarako.

Azterlanak ur gezatako akuikulturaren espezifikotasunak eta Europako merkatuan duen hedapena biltzen ditu. Halaber, berrikuntzarako potentziala eta joerak identifikatzen ditu, eta amaierako produktuei balioa eransteko ekimenak ere zehazten dira bertan.

Erronka nagusiak

Gaur egun, ur gezatako akuikulturak EBren akuikulturaren bolumen osoaren % 20 hartzen du bakarrik, eta hazitako espezie nagusiak hauek dira: amuarrain ostadarra (% 60) eta zamo arrunta (% 23). Sektorearen hazkuntzarako potentziala ekoizpena modu jasangarrian eta soluzio berritzaileen bidez areagotzeko gaitasunera lotuta dago.

 

Hauek dira ur gezatako akuikulturaren sektoreak aurre egin beharreko erronka nagusiak:

  • Produktuen dibertsifikazio handiagoaren eta ekoizpen-etekin handiagoen beharra.
  • Akuikultura-produktuen merkaturatze-estrategia hobeak.
  • Akuikulturako espezieen kontsumoa sustatzeko beharra.
  • Ingurumen-inpaktuen kudeaketaren eskakizunei aurre egitea.

Gomendioak

Txostenak, ondorio gisa, zenbait gomendio ematen ditu, sektore publikoak ur gezatako akuikultura babesteko beharra indartzeko:

  • Ikerketa eta garapen teknologikoa babestea, ekoizpen-kostuak murriztearekin batera soluzio jasangarriak diseinatzeko.
  • Europako akuikulturaren sektorean jardunbide egokiak elkartrukatzea eta kooperazio-sareak sortzea sustatzea.
  • Datuak biltzeko sistema hobeak, ur gezatako ekoizpen akuikolaren jarraipen zehatza bermatzeko.
  • Ur gezatako akuikulturaren sektorearen onurak aitortzea, bereziki klima-aldaketaren testuinguruan: biodibertsitatea babestea, landa-garapenari ekarpenak egitea eta paisaia sustatzea.