Europako Batzordearen Osasunaren eta Elikagaien Segurtasunaren Zuzendaritza Nagusiak txosten bat argitaratu du arrantza‑produktuak ekoiztean eta merkaturatzean elikagaien segurtasunaren kontrol-sistemak ebaluatzeko 2023ko otsailaren 20aren eta martxoaren 14aren artean Espainian eginiko auditoretzari buruz.

 

Txostenak ondorioztatzen du atuna izozten duten ontziei buruzko kontrol ofizialak egokiak direla, konfiantza ematen dutela, eta EBko arauak oro har betetzen dituztela. Hala ere, badira ahultasunak giza kontsumorako atun izoztuarekin lotuta hartutako arau nazionalak betetzeari dagokionez. Txostenak gomendioak ematen ditu identifikatutako gabeziak zuzentzeko eta indarrean dagoen kontrol-sistema hobetzeko.

Ondorio nagusiak

Honako hauek dira auditoretzaren aurkikuntza nagusiak:

  • Prozedura dokumentatu egokiak daude, langile prestatuak daude eta kontrol ofizialak gauzatzeko eta ez-betetze kasuetan neurriak hartzeko ahalmenak ematen dituen lege-esparrua dago.
  • Operadoreak erregistratzeko eta onesteko prozedurak daude, EBren betekizunak behar bezala betetzen dituztenak. Hala ere, goiz onestea eragin zuen gabezia bat antzeman zen hura ezartzean.
  • Atuna izozten duten ontzien kontrol ofizialak egokiak dira eta ontziek Europar Batasuneko arauak betetzen dituztelako konfiantza ematen dute; izan ere, kontrol horiek maiztasun zehatz batekin egiten dira, eta atun-sektorearen berariazko gai garrantzitsuei heltzen diete, hala nola arrain-sotoen erabilera bikoitzari eta izozteko teknika egokiei.
  • Arrain-produktuetarako kontrol-ofizialak egokiak dira eta gatzunetan izoztutako atunaren alderdi garrantzitsuak betetzen dituzte. Testuinguru horretan, Espainian zenbait irizpide ezarri dira gatzunetan izoztutako atuna giza kontsumorako egokitzat jo dadin. Horretarako, operadoreek beren prozesuak baliozkotu behar dituzte, ezarritako irizpideak betetzen dituztela egiaztatzeko. Nolanahi ere, sistema ez da eraginkorra eskatutako baliozkotzea bermatzeko eta ez du murrizketarik ezartzen baliozkotze hori egon ezean. Gainera, ez dago inolako lege-eskakizunik beste estatu kide edo hirugarren herrialde batek lehorreratutako atunaren kontrolen baliozkotze-azterketak egiaztatzeko.
  • Badago Elikagai eta Pentsuetarako Alerta Azkarreko Sareari (RASFF) egindako jakinarazpenak modu eraginkorrean kudeatzeko sistema bat.
  • Badago arrantza-produktuak aztertzeko agintzari eskudunek izendatutako laborategi-sare egokia, emaitza fidagarriak emateko behar adinako analisi-gaitasuna dutenak. Hala ere, laborategiek ez dute erabiltzen erreferentziazko derrigorrezko metodoa (ISO 19343) histaminaren probetan.

Gomendioak

Txostenak, identifikatutako gabeziak konpondu eta indarrean dagoen kontrol-sistema hobetzeko, honako gomendio hauek egiten dizkie agintari eskudunei:

  • Urte Anitzeko Kontrol Plan Nazionalak edo autonomia-erkidegoetako planek definitutako barne-auditoretzak egitea eta egiaztatze-prozedurak ezartzea.
  • Bermatzea establezimenduak eta haien jarduerak elikagai‑enpresako operadoreak elikagai-legediaren aplikagarri diren betekizunak betetzen dituela frogatzen duenean soilik onartuko direla.
  • Bermatzea histaminaren kontrol ofizialeko laginak aztertzeko erabiltzen den analisi-metodoa, bai eta operadoreek egiten dituzten kontroletan erabiltzen dutena ere, Europar Batasunean erreferentziazkoa den metodoa dela.