Arrantzako eta akuikulturako produktuen kontsumo-ohiturei buruzko eurobarometroa
Europako Batzordeak arrantzako eta akuikulturako produktuen arloan europarrek dituzten kontsumo-ohiturak, iritziak eta jarrerak jasotzen dituen Eurobarometroaren emaitzak argitaratu ditu. Emaitza horiek lortzeko, Europan bizi diren 27.734 pertsonari elkarrizketak egin zizkioten 2019ko ekainaren 23tik uztailaren 6ra bitartean; pertsona horietatik 1.035 Espainiako biztanleak ziren.
Kontsumoaren maiztasuna
Europako herritarren % 70ek gutxienez hilean behin kontsumitzen du arraina etxean; herritarren % 41ek gutxienez astean behin jaten dute arraina. Ehuneko horiek asko aldatzen dira herrialde batetik bestera, eta altuagoak dira kostaldea duten herrialdeetan. Arraina maizen kontsumitzen duen herrialdea Espainia da; bertan, herritarren % 74k gutxienez astean behin kontsumitzen du arraina, eta herritarren % 92k gutxienez hilean behin.
Erosteko ohiturak
Arrantzako eta akuikulturako produktuak erosteko tokietan ere alde handia dago herrialde batetik bestera; oro har, Europan, ohikoagoa da produktu horiek supermerkatuetan eta hipermerkatuetan erostea (% 77), eta ez hainbeste arraindegietan (% 42). Espainian, ordea, herritarren % 63k arraindegietan erosten du, eta supermerkatuetan eta hipermerkatuetan egindako erosketak % 68 dira, Europako batezbestekoa baino zertxobait txikiagoa.
Erosten den produktuaren arabera, aldeak are handiagoak dira. Espainian, % 73 produktu freskoak dira, bizirik daudenak barne. Ehuneko hori % 37 da Europan, batez beste. Atzetik doaz latako produktuen erosketa (% 40 Espainian eta % 21, batez beste, Europan) eta izoztutako produktuen erosketa (% 34 Espainian eta % 25, batez beste, Europan).
Erositako produktu motei dagokienez, ohiturak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera. Hala, Espainian ohikoagoa da produktu osoak erostea (% 31), bai eta unean bertan garbitutakoak (% 49) ere; ez da hain ohikoa jada zatikatuak erostea (% 33). Europan, ordea, % 50ek nahiago dituzte zatikatutako produktuak, osoen (% 27) eta unean bertan garbitutakoen (% 40) gainetik.
Erosketa- eta kontsumo-faktoreak
Arrantzako eta akuikulturako erosketei eragiten dieten faktore nagusiak antzekoak dira Europako herrialdeetan. Oro har, hauek aipatzen dira, garrantzirik handiena duenetik hasita:
- produktuaren itxura
- produktuaren kostua
- produktuaren jatorria
- erraz eta azkar prestatzea
- kalitatearen adierazleak edo markak
- ingurumenean, gizartean edo etikan duen eragina
Prezioa faktore garrantzitsua da, eta herritarrak arrantzako eta akuikulturako produktu gehiago erostetik urruntzen ditu; alabaina, produktu-eskaintza eta aniztasun handiagoa egonez gero, era horretako produktu gehiago erosi eta kontsumituko lituzkete europarrek.
Bestalde, Espainiako herritarrek nahiago dituzte eskualdeko edota herrialdeko produktuak (% 82); Europan, berriz, % 65ek bakarrik egiten dute bertako produktuen alde.
Produktu berriekiko jarrera
Inkestari erantzun dioten pertsona gehienen esanetan (% 61), erakargarria da arrantzako eta akuikulturako produktu berriak probatzea; etxean nahiz jatetxeetan probatzeko prest daude, baita saltokietako sustapen-ekimenetan ere.
Emandako informazioa
Arrantzako eta akuikulturako produktuei buruzko informazio-iturri nagusiei dagokienez, inkestari erantzun zioten pertsonek hauek aipatu zituzten, garrantzitsuenetatik hasita:
- saltokiko edo arraindegiko langileak (% 56 Espainian eta % 44 Europan)
- telebista, liburuak edo aldizkariak (% 24 Espainian eta % 32 Europan)
- familia eta lagunak (% 32 Espainian eta % 30 Europan)
- Internet (% 15 Espainian eta % 25 Europan)
- Publizitatea eta bestelako merkataritza-informazioa (% 10 Espainian eta % 16 Europan)
Aipatzekoa da herritarren ehuneko txiki batek bakarrik (% 3 Espainian eta % 5 Europan) eskuratzen duela informazio hori erakunde publikoetatik.
Europako herritarren % 75ek uste dute arrantzako eta akuikulturako produktuekin datorren informazioa argia eta ulerterraza dela. Zer informazio eman beharko litzatekeen galdetuta, herritarrek hau erantzun dute, garrantzitsuenetik hasita:
- iraungitze-data edo kontsumo gomendatuaren data
- produktuaren izena eta espeziea
- produktua aurretik izoztu den
- produktua basatia edo hazia den
- non harrapatu edo ekoitzi den
- erabilitako arrantza mota