Elikagaien eta Albaitaritzaren Bulegoak (FVO) argitaratutako azken txostenean jaso egiten dira lau autonomia-erkidegoetan arrantza-produktuen segurtasunaren inguruan eginiko ikuskaritzaren emaitzak. Euskadi izan da autonomia-erkidego horietako bat, eta ikuskaritza 2013ko maiatzaren 20tik 31ra bitartean egin zen. Bada, ikuskaritza-lan horren emaitza orokorra da Arrantza Produktuen Kontrol Ofizialeko Sistema onargarria dela. Gainera, hobekuntzak atzeman dira, aurreko ikuskaritzaren (2008an egin zen) aldean. Aurkitutako gabezia nagusiak kontrolak gainbegiratzearen eta kontrol-sistemak ikuskatzearen ingurukoak izan dira.

Euskadiri dagokionez, misioan bi arrantza-ontzi, lonja bat, handizkako azoka bat, arraina prozesatzeko bi lantegi eta laborategi ofizial bat bisitatu ziren. Bisita horietan, Europako ikuskatzaileek egiaztatu ahal izan zuten arrantzako produktuen segurtasunaren kontrol-sistema ondo dokumentatuta eta ezarrita dagoela, emaitzak onak direla, ikuskatzaileek behar bezalako prestakuntza dutela eta kontrol-sistema osoa etengabe hobetzeko lanean ari direla.

Bestalde, Europako ikuskatzaileek hobetu beharreko zenbait alderdi aurkitu zituzten bisitan zehar; esaterako, beharrezkoa da Estatuko eta autonomia-erkidegoko ontzien errolden arteko aldeak konpontzea, behin betiko baztertu behar dira arrain freskoa biltegiratzeko eta garraiatzeko erabiltzen diren egurrezko ontzi guztiak, eta arrainaren etiketatzea hobetu behar da, trazabilitatea bermatze aldera. Lan-eremu horiek lehentasuna izango dute datozen urteotan.

FVOren txostena